Azkaine, Nazioarteko Espazio Estaziotik ikusia.Urdazuri, udalerria gurutzatzean
Larrun mendiak Azkaine ipar-mendebaldean dauka, eta herria tontorrera igotzeko abiapuntua da.
Urdazuri (Nivelle frantsesez) ibaiak udalerria gurutzatzen du, bertara isurtzen diren Ibardingo erreka, Arraioko erreka, Etxeberriko erreka eta Galardiko errekarekin batera.
Beste bi mendi aipatu behar dira, txikiagoak direnak. Herriaren Ekialdean kokatzen dira, Bizkarzun (185 m) eta Esnaur (273 m).
Pierre Loti idazlea ongi jabetu zen Azkaineko herri-giroaz bertan, Ramuntcho nobelaren goiargi literarioa edertzeko. Otharre hotelean zirriborratu zuen, hain zuzen.
Herrigunean nabarmentzeko modukoak dira Andredena Mariaren eliza, Herriko Etxea, pilotalekua, Larrungo ur freskoa jariatzen duen iturria, hotel batzuk eta etxetxoak.
Elizaren alboko fatxadan cagot edo agoteentzako bereizkeriazko atea ikus daiteke oraindik ere. Barnealdean hiru galeria ditu elkarren gainean, San Mateoren irudi baliotsu bat ere bai, eta belaontzi bat, eliztarren baten ofrenda. Alboko hilerrian disko‑formako eta bestelako hilarriak daude. Haietako bat indiano batena, indiano izateaz loriatzen zena: Hau da thomba Miguel D’Arraiaga Azcaingo Indiano Jaunarena. Hilla Octobre 22‑1651.
Hainbat hotel eta zenbait kanpin izateak Azkaineko giroaren eta paisaiaren bikaintasuna ondo asko adierazten du.
XIX. mendean eta XX. mendearen hasieran, herriak 1.200 biztanle inguru izan zituen. 1940ko hamarkadatik aurrera, ordea, hazkunde nabaria izan zuen eta mende bukaerarako 3.000 biztanleen maila gainditu. XXI. mendearen bigarren hamarkadan 4.000 biztanletik gora zituen.
Azkainen hizkera kostatarra[6] mintzatzen da, nafar-lapurtarraren sartaldeko aldaera bat. Egun, biztanleen % 9 inguru baino ez da euskal hiztuna. Herrian ikastola dago, eta ehun ikasle inguru ditu.[7]